lunes, 12 de octubre de 2009

IGOR ZARATA


Zarata fanzinearen 5. alea irten berria delarik, baten bati baino gehiagori gezurra irudituko zaion arren fanzinearen atzean dagoen indibiduo bakarrari, Igorri, egindako elkarrizketarekin uzten zaituztegu.


1-Noiz eta nola sortu zen Zarata fanzinea martxan jartzeko ideia? Zenbat lagun zaudete proiektu honetan?

2004. urtean fanzinea idazteari ekin nion eta lehenengo alea 2005ean kaleratu zen. Buruan hainbat proiektu eta ideia bueltaka nituen baina, egia esan, ezerezean edo hitzetan soilik geratzen ziren. Egun batean nire buruarekin “pikatu” nintzen eta fanzine bat aurrera eramateko erabakia hartu nuen. Lehenago KGB (Kaskamotz Gorrien Batasuna) izeneko fanzine batekin kolaborazio txiki bat egin nuen, Fermin Muguruzaren elkarrizketa zela eta. Fanzine hartan Haritz izeneko lagun bat zegoen, Zarataren etapa berrian ere lagundu duena. Era berean, maketatzeko lan gris horretan Mai (lehenengo zenbakia musutruk diseinatu zuena!) eta Mariaren laguntza aipatu beharrean nago. Dena den, gaur egun fanzinean idazten den %99 nire lana da. Beraz, galderari erantzunez, fanzinearen gidaritza edukien aldetik nirea da eta maketazioaren aldetik Mariarena. Hori bai, oso eskertzekoa da kontaktuekin, informazioarekin eta bestelakoekin laguntzen duen jendea bidean aurkitzea.

2-Zergatik urte bateko epea fanzineen artean? Ez duzu uste epe luzeegia dela?

Bai, arrazoi duzu, epe luzeegia da. Edukiak ere batzuetan desfasatu samar geratzen dira eta bat-batekotasuna galtzen da, ez da oso freskoa, “fanzine kongelatu” samar bat geratu daiteke, arrain txarraren antzera, kar, kar, kar. Bat-batekotasuna eta “eszenan” presentzia nabarmena edukitzeko hobe da internet erabiltzea edo Bando Punk-ak zuen maiztasuneko zehozer abian jartzea. Dena den, nik ez ditut oso gustoko mamitsuak ez diren fanzineak eta horregatik hasieratik erabaki nuen, bizpahiru ale txiki atera baino lehen, hobe zela fanzine luze samar bat ateratzea urtean behin. “Política de empresa”.

3-Elkarrizketa mordoa sartzen duzu fanzineetan, gu ere honetan sartuta gabiltzala, erantzun guztiak etxoitea desesperatzeko modukoa izango da ezta?

Nire ustez ez da hori txarrena, erantzunik gabe geratzea baizik. Hainbat taldek eta pertsonek baiezkoa ematen dizute elkarrizketari eta gero paso egiten dute... urteetan zehar. Horretarako nahiago dut zuzenean ezezkoa jasotzea. Fanzinea urtean behin ateratzen denez patxadaz hartzen dut galderen erantzunak jasotzearena. Nahiago dut elkarrizketatuak behar duen denbora hartzea eta ganorazko erantzunak ematea, monosilaboekin bi egunen buruan erantzutea baino. Hori bai, erantzuten ez badu “putada” samarra da; ez da galderak egiteak dakarren lanagatik, baizik eta batzutan gogo biziak dituzulako talde bat fanzinean ikusteko.

4-Nola egiten duzu agertuko diren taldeak aukeratzeko? Preferentziaren bat?

Nire gustuak jarraitzen ditut gehienbat. Horregatik 77ko punka, punkrocka eta Oi! melodikoa bezalako estiloek pisu gehiago daukate beste talde edo estilo batzuen aurrean. Beste batzuetan, irakurlearen lekuan jartzen saiatzen naiz eta talderen bat interesgarria suertatu daitekeela iruditzen bazait aurrera egiten dut.

5-Uste dut oso elkarrizketa interesgarriak egin ohi dituzula. Trukoren bat edo?

Milesker, milesker. Gustoko dituzun taldeak elkarrizketatzerakoan noizbait galdetu nahi izango zenizkien galdera batzuk dituzu buruan bueltaka. Horretaz gain, taldearen edo elkarrizketatuaren ahalik eta informazio gehien eskuratzen saiatzen naiz internet, liburu edo fanzineen bidez eta horrek bidea irekitzen du galdera tipikoengatik aldentzeko. Halaber, letrak baliabide onak dira taldearen izaeran arakatzeko eta horien bitartez taldeen inguruan gehiago jakiteko.

6-Disko, fanzine etab.-en kritika eta kontzertuen kronika mordoa ere sartzen duzu.

Egia esan fanzineen kritika askorik ez dago. Disken kritikak zigiluek fanzinera bidaltzen dizkiguten promoak dira. Kontzertuena beste ohitura bat da, bart bizitakoa paperera eramaten saiatu eta zahartzaroan gure bizimoduaren zatitxo bat gogoratzeko, kar, kar, kar.

7-Hurrengo zenbakian azkenekoaren gaiarekin jarraituko duzu, edo fanzine “normal” bat izango da?

Hurrengo zenbakia laster aterako dugu, ea Irailerako kalean dagoen. Zenbaki “normal” bat izango da. 80. hamarkadako ale berezi hura egitea beharrezkoa zela uste nuen. Baliteke (eta izugarri gustatuko litzaidake) etorkizunean gai horrekin lotutako zehozer gehiago agertzea fanzinean baina batek daki. Pare bat gai, pasadizo edo bizipen kanpoan geratu zirela uste dut eta elkarrizketaren bat lortuz gero hurrengo aleren batean joango litzateke.

8-Bizkaia aldean fanzine aldetik Gipuzkoan baino mugimendu dexente gehiago somatzen dugu ezta? Nola ikusten duzu zuk? Talde eta kontzertu aldetik mugimendu bera al dago?

Bai, hala da. Bizkaian fanzine gehiago daude eta Gipuzkoan musika talde gehiago. Kontzertuen aldetik, doinu jamaikarrak gustoko badituzu Bizkaiak irabazten du. Punkrockari dagokionez Durango eta Bilbora atzerriko talde dezente etortzen dira. Bardulian askoz talde gehiago daudenez kontzertu gehiago egotea ere normala da. Orohar, pozik nago kontzertu eskaintzarekin.

9-Fanzinea eramateaz gain talderen batean al zabiltza? Edo bestelako proiekturen batean…

Ez, ez dut inon jotzen eta ez dut “eszenarekin” lotuta dagoen ezer aipagarririk egiten. Anekdota bezala, Blackpooleko festibalean egon ginen azkenengo aldian argazki mordoa atera genituen lagun batek eta biok. Gasteizen urtero antolatzen den argazki lehiaketara aurkeztu ginen punk, kaskamotz eta bestelakoen argazkiekin, baina ez gintuzten saritu. Tongo! Tongo!

10-Zarata fanzineak irakurri ondoren, ausartuko nintzake futbolzale samarra zarela esatera. San Mameseko harmailetan ikusi al dezakegu Igor?

Bai, Athleticen bazkidea naiz. Futbola kirol bezala gustatzen zait eta futbitoan jolasten dut taldetxo batean, txarto bada ere. Futbolak mugitzen duen dirutza eta negozio ustelaren kiratsak, ordea, nazkatzen naute. Athleticzalea naiz baina ez naiz telebistan Champions Leagueko partida bat ikusteko ipurdia galtzen duten horietakoa. Nahiago dut pelikula on bat ikusi.

11-Noiz eta nola hasi zinen interesatzen kaskamotz mugimenduarengatik eta honen inguruko musikarengatik?

Institutoan nengoenean, 90. hamarkadaren amaieran. Punk musika entzuten hasi, fanzineak erosi, futbolera joan, etb... Horrela, pixkanaka. Gogoratzen dut nola lagun baten osabak bere binilo bilduma utzi zidan nik kasetetan kopia nitzan; ez zegoen internetik garai hartan eta diskak beti izan dira garesti samarrak, batez ere gaztetxoentzat. The Clash eta Sex Pistols gain, 80. hamarkadako euskal diska andana zegoen berak utzitako diska bilduma hartan. Izugarri eskertu nuen niretzako berriak ziren hainbat diska entzuteko aukera izatea. Lehen diska berbera, txarra izan arren, hamaika aldiz entzuten zenuen. Orain lehenengo entzunaldietan ez bazaizu ondo sartzen hautsez estalita amaitzen du. Erretxin samarra bihurtu ote naiz?

12-Emango al zeniguke zure disko kuttunen top 5 bat?

Tragoiek kalitate oneko buffet librea nahiago dugunez ez zaizkit top hauek gehiegi gustatzen, kar, kar, kar. Beraz, aipatu beharrean nagoen bi talderen izenak emango dizkizut. Euskal Herritik MCD aukeratuko nituzke. Euren bertsio diskak markatu ninduen. Atzerritik Cock Sparrer aipatuko nituzke. Itzelak dira ereserkiak egiten eta zuzenean ikusi nituen lehenengo aldian sekulakoa izan zen. RIP, Cicatriz, Angelic Upstarts, Profesionals, Clash eta hainbat talde gehiago agertu daitezke lista honetan, baina bi talde horiek “faro” antzeko zehozer izan daitezke niretzako.

13-Fanzineen inguruan zein/zeintzuk gomendatuko zenituzke?

Aurrekoaren berdina, asko gomendatuko nituzke. Euskal Herrian nibela dago. Punk-Rocker fanzineak maila oso altua dauka eta Izu-Giroak berdin. Odolkidsen umorea eta erreportaiak (estatu frantseseko punkan arakatzeko gida ona egin dute!) lehenengo mailakoak dira. Atzerritik, Irlandako Riot77-k elkarrizketa oso onak egiten ditu, Une Vie Pour Rien? bezala. Azken hau ez dakit jarraitzen duen baina maketazioa eta argazkien tratamendua ere asko zaintzen dute, gozada bat. Ameriketan egiten den Loud, Fast, Rules! ere aipatu behar da. Reggae aldetik, Ejecutor, Alpha Boys eta Liquidator.

14-Mila esker eta segi aurrera Zaratarekin. Zerbait gehitu nahi baduzu edo…

Bostgarren zenbakia heltzear da edo kalean egongo da hau ateratzen denerako. Printzipioz azkenengoa izango zela uste nuen, baina baliteke “txispa” apur bat geratzea seigarren zenbaki baterako. Ea zuek bezalako fanzine berriek testigua hartzen duten. Zorte handia opa dizuet fanzinearekin! Animo!

MATERIAL RECHAZADO


Material Rechazadoren diska lehen aldian entzun ondoren sentsazio arraroa gelditu zitzaidala onartu behar dut. Eta egia esan nahiko normala dela uste dut, talde honek eskaintzen duen nahasketa bortitza baita. Baina behin baino gehiagotan entzun ondoren abestiak errazago sartzen dira eta diskoa gustatu zaidala esan behar dut. Azpimarragarriena aurretiaz aipatu dudan nahasketa da, punk gordina, rock&rolla, ahots desgarratua, koru finak, punteo eskorbutinoak… Abestiak eta abestiak daude, niretzat onenak Hate Love and R&R, Una vez más, Bakarrik eta Don´t Save me Kill me dira zalantzarik gabe, abesti bikainak laurak. Maketazio aldetik esan egokia dela, baina zerbait gehiago landu zezaketela nire ustetan. Talde originala da Material Rechazado, Arrasateko ohiko estilotik aldentzen dena, eta disko gomendagarria da Teletetxo Records zigilu azpeitiarraren eskutik atera duten hau.

APURTU


2007.urtean ezagutu genuen Apurtu talde beteranoaren itzulera, eta CD berri honek indar betean dabiltzala frogatzen du. 13 abestik osatzen dute diskoa, horietatik abesti zahar punkarragoak daude (Apurtu edo Animales), eta abesti berriago eta punkrockeroagoak ere bai. Nik azken hauek nahiago ditut, eta horien artean Alex, Kakati, Harat eta honat edo Bidasoa Attakean agertzen den Klik nabarmenduko nituzke. Alex batez ere abesti bikaina iruditzen zait, erritmo mantsoa, letra landua eta melodia itsaskorra. 5. Eta 9. Abestiak bereziak dira, bulgarieraz eta errusieraz baitira hurrenez hurren. Nik bigarrena nahiago dut, bestea egia esan diskotik gutxien gustatzen zaidana da. Baina niri izugarria iruditzen zaidan abestia Ximonen abestia da, azken aurrekoa, zaharretakoa izan arren betidanik Apurturen abesti onena iruditu zaidana. Punteo ona, letra izugarria eta lelo itsaskorra. Liburuxkaren diseinua gogoko dut, eta orokorrean argazki egokiak aurkitu dituztela uste dut. Azala Bulgariako ikasle bloke bat da oker ez banago. Baina dena esan beharra dago, diskoaren galleta kaka hutsa iruditu zait, eta ez dut oso ondo ulertzen nola ez duten pixka bat gehiago landu. Azkenik aipatu ez diotela izenbururik jarri, imaginazio falta? Alferkeria? Utzikeria?

viernes, 9 de octubre de 2009

Friday's Crew - Elkarrizketa




Diskoaren kritikarekin batera, taldeari egindako elkarrizketatxo bat duzue hemen irakurgai.




1 Egia esateko, disko berria ustekabe atsegina izan da. Fridays Crew-k aurrerakuntza nabarmena jasan duela esan daiteke.



Ba bai, baita gure ustetan ere. Asko landutako lana izan da eta oso gustora geratu gara. Gainera, orain arte jasotako kritikak oso onak izan dira. Eta honen ondorioz, kontzertu asko ari zaizkigu ateratzen. Taldearekin hasi ginenean, ez genuen uste diskorik aterako genuenik, nahiko "katxondeo" bezala hartu genuelako taldea; hasiera batean ez zegoelako ezer seriorik. Baino, denbora aurrera joan ahala, arrazoi desberdinengatik, seriotasunarekin hartzeko erabakia hartu genuen, nahiko gauza politak egiten ari ginela konturatu baikinen. Hain juxtu, bide horretan hasi ginela, atzera pauso haundi bat eduki genuen "Moxo" gitarristak taldea laga zuelako. Beste gitarrista bat hasi zen gurekin, "Agirre" , eta handik aurrera urte bete jardun dugu gogor lanean, disko hau atera arte. Kontzertu askori ezetz esan eta diskoaren emaitza ikusita, konturatu gara pena merezi izan duela.

2 Masterizazioak bere eragina izan duela esaten da. Horrela izan al da?



Bai noski grabazio bat ez da amaitzen masterizatu arte.lehenik mezklak egin eta azken pausoa horixe baita eta hori da azken ikutua ematen diona. Naghiz eta jendeak askoran garrantziarik ez eman.

3 Ahotsa dexente aldatu da aurretik grabatuta zenituzten abestietatik. Hau nahita egindako zerbait izan da, edo Markexaren eboluzio hutsa izan da?



Ba egia esan, bi aspektuak izan dira: batetik, Markexaren eboluzioa eta bestetik, nahita egindako zerbait. Nik, egia esan, taldean hasi aurretik inoiz ez nuen abestu; beraz, aurretik grabatutako lau kantuak esperimentu hutsak izan ziren. Oraindik nire ahotsa definitu gabe neukan. Denborarekin ohartu gara erosoen sentitzen naizen kantatzeko modua hau dela. Batzuei gehiago gustatuko zaie eta besteei gutxiago, baina hau da Markexaren ahotsa.
Gainera, usten dugu gure musika estilorako nahiko ondo doakiola ahots mota hau. Eta, gainera, guri gustatzen zaigun bezela "makarra-makarra" geratzen da (Membrilladas fuera).

4 Esan daiteke melodikotasunean irabazi duzuela. Apunta ere nahiko melodikoa zen. Azpeitiko estiloa aldatzen ari al da? Nola ikusten duzue zuek?



Apunta talde bat da eta The Friday´s Crew beste bat, azpeitin ez dago estilo bat, bakoitzak nahi edo ahal duena egiten du. Musika hobea edo txarragoa, koro gehiago zein gutxiago, punteo asko edo batez… Ez dakit zuentzako zer den melodia.Doinudun musika edo korodun ahotsa. Ez baldin badago melodirik eta ez ahotsik ez dago doinurik eta gutxiago kanturik.

5. Koruei garrantzi handia eman diozue, eta honek indar handia ematen die abestiei. Horrela ikusten al duzue?



Bai, arrazoi duzue eta pozten gara hori pentsatzeaz. Orduak eta orduak pasa baititugu koruak lantzen. Baino esango genuke, koruak baino gehiago bigarren ahotsak direla. Ez baitira koro hutsak; Markexa da lehen abeslaria eta beste talde osoa bigarrena, koro hutsak izan gabe. Honek ere badu bere alde txarra. Zuzenekoan mikroak fallatzen badute asko galtzen du musikak eta guk garrantzi handia ematen diogu zuzenekoari.

6 Kitarra aldetik Agirreren birtuositatea oso nabaria da disko osoan zehar. Zer aportatu dio Agirrek taldeari?



Agirrek taldeari aportatu diona freskotasuna, gogoa eta ideia berriak izan dira. Baino Agirre bakarrik izan balitz taldean gitarra, oso hutsa izango litzateke musika, Arkak base handia ematen baitio. Agirrek taldeari eman dion beste gauza bat, musika egiterakoan, honek lehen zeukana baino konplexutasun handiagoa edukitzea da.
Agirre: ez dago birtuterik. Nik egiten dudana edozeinek egin dezake gogo pixkat eta marihuana askorekin

7 Agirre musiko galanta da ezta? Trikitixan Euskal Herriko txapelduna dela ere entzun dugu, eta Apuntan baxua jotzen zuen.



Bai halaxe da. Badago jende bat mundu honetan, jaiotzez musikoa dena. Eta Agirre horietako bat da. Panderoa jotzen habilidade handia du, zuek esan bezala Euskal Herriko txapelduna da. Apuntan ere berak jartzen zion bihotza taldeari, bere baxuaren doinuarekin.

8 Garai bateko topikoak alde batera utzi eta beste motatako gaiekin ausartu zarete. Juerga eta deskontrola alde batera utzi al dituzue?



Egia esan, irteten joan diren kantuak izan dira, kritika sozial edo horrelako zerbait egitea pentsatzen jarri gabe.
Egun batean ,taldekide batek gaur egun puri purian dauden gai horietako bati buruzko kantu bat idazten bazuen eta taldekideei gustatu, ba aurrea , eta hola kantu danekin. Ez da bilatzen joan garen zerbait. Baina horrela atera da eta gustura gaude. Egia esan, beste taldeak entzuterakoan betiko temetatik ateratzen direnean eskertzen da. Pixkat aldatzea ondo dago, ezta? Gainera, musika da gure arma; erabili dezagun.

9 Letrei dagokienari jarraiki, Atsekabe abestian tratu txarrak diren bezalako gai serio bat jorratu duzue. Nola sortu zen abesti hau egiteko ideia?



Kantua idazten hasi ginen gai hau buruan genuela. Egunero, berrietan eta kalean entzuten den zerbait izateaz gain, nazka eta amorrua sortzen digulako. Lehen esan dugun bezela, musika da gure arma eta erabiltzea erabaki genuen. Badakigu kantu hau aterata ez dela arazoa konpontzen baino gaur gauean zer ondo pasa dudan kantatzea baino gai nobleago iruditzen zaigu. Eta bide batez, kantu hau arazo hau sufritzen ari diren emakume guztiei eskeni nahiko genuke. ZUENTZAT.

10 Abesti batzuk nahiko motzak dira, ez dira hiru minutura iristen, eta disko bera ere nahiko motza gertatzen da, ez al duzue uste?



Abestiak luzatzea gauza erraza da, estribilloa 5 aldiz kantatu eta listo. Guk ez genuen hori nahi. Zerbait desberdina egitea nahai genuen. Konturatzen bazarete gure kantu askok ez dute estribillorik eta kantu onak egitea estribilo gabe zaila da. Edo esan beharko genuke estribilo gabeko kantuak jendeari gustatzea zaila dela, baina uste dugu lortu dugula. Jendeak nahi duena estribiloa duten kantuak izaten dira, hau da, errez sartzen diren kantuak.

11 Skizo abestian Korrosion Zerebralen basakeria nabari da, nola gogoratzen dituzue garai horiek? Zuetariko batzuk bertan ibiliak zarete ezta?



Taldea hasi zenean Korrosioneko bi kide genituen gurekin, gaur egun bakarra. Garai horiek oso onak izan ziren, ondo gogoratzen ditugu, askotan ekartzen ditugu gogora lagun artean.
Skizo Korrosion Zerebraleko kantuetatik, grabatu gabe gelditu zirenetako kantu bat da. Garai haiek gogoratuz diskoan sartu dugu eta gainera emaitzarekin gustora gelditu gara. Zuek esan duzuen bezela, kantu basati eta gorrotoz betea.

12 Zuen zuzenekoak nahiko basatiak izaten dira. Garagardoak bere eragina al du?



Noski duela eragina. Halare, garagardoak eragina eduki edo ez, beti dira basatiak. Baina denborarekin konturatu gara zerbezarekin ez bagera pasatzen, basatiagoak direla. Onena, kontzertua ikustera doan jendea mozkortuta egotea da, horrela giroa ere basatiagoa izaten baita. Garagardoa alde batera utzita, ziurtarazten dizuegu, gure kontzertuetan beti ahal degun guztia ematen saiatuko garela.

13 Euskal Herriko Oxymoron berriak zaretela ere esan izan da. Hortik al doaz zuen influentziak? Zer nolako musika entzuten duzue eta entzun izan duzue?



Euskal Herriko Oxymoron? ezta gutxiagorik ere. Influentzia? ba egia esan oxymoron asko gustatzen zaigu. Baino guk influentzia baino gehiago ateratzen zaiguna egiten dugu.
Hasieran Cicatriz, Rip, Zakarrak, Hertzainak, GBH, Eskorbuto, Tijuana, Kanka, Kañeria 13… lista honek ez du amaierarik.
Orain Oxymoron, Cock Sparrer, The Crak, Blitz, Evil Conduct, Never surrender, Enboskada... baina lista honek ere ez du amaierarik. Eta lehen entzuten genuen musika oraindik ere entzuten dugu.

14 Eta Euskal Herri mailan zein talde gomendatuko zenuteke?



Jhony Gerriwelt, Karkabaren zuzenekoa, Afonia, Never Surrender

15 Zeintzuk dira Fridays Crew-k, hemendik aurrera emango dituen pausoak?



Kontzertuak jo, jo, jo eta jo. Ahal bada estatu Espainiarrera eta Europan zehar ateratzea nahiko genuke. Kantu berriak atera orduko, disko berri bat ateratzea. Batez ere, musikaz disfrutatzea.

16 Mila esker elkarrizketa erantzuteagatik eta zorte on. Orain duzue aukera komentarioak, agurrak, mehatxuak, irainak etab. gehitzeko.



Eskerrikasko zuei aukera hau emateagatik.
Besarkada bero bat euskal preso, iheslari eta errefuxiatuei eta bere familia eta lagun guztiei. Presoak etxera.
Agur bat gure kontzertuetara etortzen diren jende guztiari

miércoles, 7 de octubre de 2009

Friday's Crew



Ohikoa baino kritika luzeagoa egingo dut, Fridays Crew-ren CD berriak ez baitu gutxiago merezi. Azpeititik atera berri den harribitxi honek zirrara sortu dit, disko honetan lortu duten soinu potente eta ahots eta koru indartsuekin. Aurrerakuntza nabarmena jasan du talde Azpeitiarrak bai musikalki zein grabazio eta masterizazio aldetik. Diskari aterako nion akats bakarrak liburuxka eta azala dira, egia esan zerbait gehiago landu zitzaketen, eta diskaren kalitatea ikusita, egin beharreko gauza bat zen. Jarraian diskoa osatzen duten hamar abestiak komentatuko ditut banaka:


Lagunen artean: diska irekitzen duen abestia, Bardulia Soundean agertu zenaren brigrabaketa da, nire ustez askoz landuagoa eta indartsuagoa. Letra topikoa, taberna, garagardoa eta lagunak, Fridays Crew-ren estilokoa.


Hondakin faxista: abesti berria, bizkorra eta motza, baina aldi berean indar handikoa. Bi ahotsetan abesten dute eta punteo bikainak ditu, diskoko beste abesti askok bezala. Letra bikaina da, antifaxista-antiarrazista.


Ezin da onartu: Abesti honetan abiadura moteldu eta koruek protagonismo handia hartzen dute. Euskal Herriaren gaur egungo egoerari buruz hitzegiten du. Nire gogokoenetariko bat da.

Those moments: ingeles makarronikoa, aurrekoen ildokoari jarraitzen dio koruei eta kitarra landuei dagokienez. 69ko mugimenduari dedikatzen diote.


Beldurra: gutxiago gustatu zaidan abesti bat bilatu beharrean agian hau aukeratuko nuke, baina deskarte hutsagatik besterik ez. Letra apur bat pertsonalagoa da.


Atsekabe: beste temazo bat. Topikoetatik aldendu eta emakumeen aurkako tratu txarrei buruz ari da. Interesgarria gai hau jorratzearen ideia. Koru eta gitarra oso landuak abesti honetan ere.


Punk Oi!: Beste birgrabaketa bat, hau ere aurrekoa baino hobea, bizkorragoa agian, ingelesez, letra xinplea eta erritmo matxakoia.


Skizo: Korrosion Zerebralen bertsioa. Oso kañeroa eta indartsua. Letra gogorra, odola irakiten jartzen duen abestia. Bukaera barregarria motosierrarekin.


Viernes: Azpeitia desegin 2 hartan ezagutu genuen abestia, ondorengo arekin batera. Letra xinplea eta motza da, ostiraletako parrandei dedikatua.


Fridays Crew: Txarrantxako mutil hauen himno bat bere osotasunean, hasieratik bukaeraraino. Azpeitia desegin 2an agertutakoaren birgrabaketa.

viernes, 2 de octubre de 2009

Neallta Fola


Neallta Fola talde aretxabaletarra, gure artean uda honetan diska kaleratu dutenetariko bat da.
Zuzenean ikusi genituenetik gustatu zaigu beraien soinu berezia, eta diska entzun ahal izan ondoren hemen duzue erantzun diguten elkarrizketa. Zuekin Neallta Fola!



1-Disko berria grabatu zenutenetik kaleratu duzuen arte denbora asko pasa da. Zer gertatu da bitartean? Itxaroteak merezi izan al du?


Ba bai, egia esan bastante denbora pasa da. Guk be ez gauen uste ain luzerako joango zanik, grabau eta hurrengo hilerako kalean egongo zala uste gauen. Gure lehenengo cd-a izen da eta ez zakigun nundik ebatu. Grabatzea baino lan gehixau dauke, diseinua, nun in kopixak…, asko diruagatik be izen da, aurreratuta zaukouen diru dana estudixuan gastau gauen ta gero kopixak itxen dauen fabrikiai ordaintzeko ez zaukouen dirua. Azkenian hortan dabiltzan lagun batzuk itxi zuzkuen. (eskerrikasko teletetxo rekords)


2- Nolako diskoa da? Pozik al zaudete emaitzarekin?


Uste dou nahiko berezia dala bai soinu aldetik eta bai diseinu aldetik. Nahiko pozik gauz emaitzakin baina lehen esan douen bezala gure lehenengo aldixa izan da estudixuan ta uste dou hurrenguan konfiantza gehixaukin fan eta hobeto eruangouela.


3- Zeri buruz ari dira zuen abestiak? Zer nolako gaiak jorratzen dituzue?


Bizitzan ditugun bajoi eta arazoetatik, jendeak begiak zabaldu beharko zituen gizarte puta honen egoerararte. Danetik apur bat, baina ez jaku gustatzen gauza tipikoetaz aritzea.


4- Orain arte euskara erabili duzue zuen abestietan, hemendik aurrera ere horrela izango al da?

Egixa esan cd-an ere badago inglesezko kantu bat baina bai euskara da gure kantuetan naguzitzen dana. Euskera ama hizkuntzatzat daukou eta ez dou uste aldatuko douen faktore bat izango danik.


5- Neallta Folaren ezaugarri nagusia soinuaren originaltasuna da. Zer esango zenigukete horren inguruan? Nola definituko zenukete zuek zuen musika?


Bizitza dana goiaz musiskia entzuten eta asko ikasi dou danetik entzuten. Gure kantei buelta asko emuten dotzau, ondo dakigu zer nahi soinu degun topau ta gustora gelditu arte lanien jarraitzen dou kantuakin. Ez dugu gustoko soinu tipikoak egitea, beti gabitz detailetxuak topetan. Alde batetik dau de puta madre baina bestalde batetik kantak irtetzeko erritmoa ere askoz motelaua da. punk-oi -rutza jo dou betidanik musika itxeko orduan, baina nahiko garbixa dala esango gauen.


6- Ahotsak ere nahiko bereziak direla esango nuke.


Bai izen leike baina igual musikalmente gutxien garatu douena izen da. beti kasketan dou estarrixa etxando ostias festixetan.

7- Zuzenekoetan The Clash-en bertsioeren bat egiten duzue. Zein erreferentzia dituzue mundu mailan?


Talde asko eta asko daukou gustoko baina batzuekin bai daukou lotura gehixau: the Clash, Peter and the test tube babies, Templars...

8-Eta Euskal Herri mailan?


80. hamarkadako talde mitikoetatik gaur egungo talde gazte danetararte. Asko gustau jaku musika entzutea, talde guztixak daukie bere sonidua eta beti gabitz fijetan nola joten dauien, detailetan…


9- Abesti batzuetan intro luzeegiak sartzen dituzuela diote batzuek, horrela pentsatzen al duzue?


Izen leike, guri be esanda daukie. Baina bueno guri gustetan jaku.


10- Istorio berdina abestian korrokada ozen bat entzun daiteke abestiaren bukaeran…


Estudixuan irten zan bapatekua izen zan. Azkenien han geratu zan eskemak apurtzen.


11- Zein talderekin gustatuko litzaizueke eszenatokia partekatzea, hemengo talde lagunekin edo kanpoko talde famatuekin?


Hobeto pasetan dozun festixak eta dibertiruenak talde lagunekin izeten die beti baina beti itxen dotzu ilusinua kanpoko talde famosuekin jotiak. Oso ezberdina da esperientzia, kanpokuekin emuten da serixuau hartzen dozula zuzenekua.


12- Zer pentsatzen duzue fanzine edo irrati libreei buruz?


Indarrez gogor aurrera jarraitxu bieko laukiela. Badakigu horren atzien lan asko dauela, askotan kanpotik ez dala ikusten baina hor dauela. (hemendik txalo bero bat guztiei, eta segi gogor!)


13- Mila esker elkarrizketa erantzuteagatik eta zorte on etorkizunean, zerbait gehitu nahi baduzue orain duzue aukera…


Gogor ematen segi eta ez etsi!
Milesker zuei!

viernes, 25 de septiembre de 2009

Riot Chicken

Dakizuen bezala, Irun aldeko ero pare bat gara eta pasa den Ekainean Riot Chicken fanzinearen lehenengo zenbakia atera ondoren, fanzinea sarera pasatzeko erabakia hartu dugu, berau zabaltzeko eduki ditugun zailtasunengatik, zenbaitzuek erakutsitako arduragabekeriagatik, denbora faltagatik eta kolaborazio eskasiarengatik batez ere. Hemendik aurrera elkarrizketak, artikuluak, kritikak, eta bestelako ergelkeriak blog honetara igoko ditugu. Baliteke material nahikoa elkartzean fanzine bat egitea baino oraingoz horrela funtzionatzea egokiena dela uste dugu. Besterik gabe, kolaborazioak, kritikak edo dena delakoak jasotzeko riotchicken@gmail.com.