viernes, 9 de octubre de 2009

Friday's Crew - Elkarrizketa




Diskoaren kritikarekin batera, taldeari egindako elkarrizketatxo bat duzue hemen irakurgai.




1 Egia esateko, disko berria ustekabe atsegina izan da. Fridays Crew-k aurrerakuntza nabarmena jasan duela esan daiteke.



Ba bai, baita gure ustetan ere. Asko landutako lana izan da eta oso gustora geratu gara. Gainera, orain arte jasotako kritikak oso onak izan dira. Eta honen ondorioz, kontzertu asko ari zaizkigu ateratzen. Taldearekin hasi ginenean, ez genuen uste diskorik aterako genuenik, nahiko "katxondeo" bezala hartu genuelako taldea; hasiera batean ez zegoelako ezer seriorik. Baino, denbora aurrera joan ahala, arrazoi desberdinengatik, seriotasunarekin hartzeko erabakia hartu genuen, nahiko gauza politak egiten ari ginela konturatu baikinen. Hain juxtu, bide horretan hasi ginela, atzera pauso haundi bat eduki genuen "Moxo" gitarristak taldea laga zuelako. Beste gitarrista bat hasi zen gurekin, "Agirre" , eta handik aurrera urte bete jardun dugu gogor lanean, disko hau atera arte. Kontzertu askori ezetz esan eta diskoaren emaitza ikusita, konturatu gara pena merezi izan duela.

2 Masterizazioak bere eragina izan duela esaten da. Horrela izan al da?



Bai noski grabazio bat ez da amaitzen masterizatu arte.lehenik mezklak egin eta azken pausoa horixe baita eta hori da azken ikutua ematen diona. Naghiz eta jendeak askoran garrantziarik ez eman.

3 Ahotsa dexente aldatu da aurretik grabatuta zenituzten abestietatik. Hau nahita egindako zerbait izan da, edo Markexaren eboluzio hutsa izan da?



Ba egia esan, bi aspektuak izan dira: batetik, Markexaren eboluzioa eta bestetik, nahita egindako zerbait. Nik, egia esan, taldean hasi aurretik inoiz ez nuen abestu; beraz, aurretik grabatutako lau kantuak esperimentu hutsak izan ziren. Oraindik nire ahotsa definitu gabe neukan. Denborarekin ohartu gara erosoen sentitzen naizen kantatzeko modua hau dela. Batzuei gehiago gustatuko zaie eta besteei gutxiago, baina hau da Markexaren ahotsa.
Gainera, usten dugu gure musika estilorako nahiko ondo doakiola ahots mota hau. Eta, gainera, guri gustatzen zaigun bezela "makarra-makarra" geratzen da (Membrilladas fuera).

4 Esan daiteke melodikotasunean irabazi duzuela. Apunta ere nahiko melodikoa zen. Azpeitiko estiloa aldatzen ari al da? Nola ikusten duzue zuek?



Apunta talde bat da eta The Friday´s Crew beste bat, azpeitin ez dago estilo bat, bakoitzak nahi edo ahal duena egiten du. Musika hobea edo txarragoa, koro gehiago zein gutxiago, punteo asko edo batez… Ez dakit zuentzako zer den melodia.Doinudun musika edo korodun ahotsa. Ez baldin badago melodirik eta ez ahotsik ez dago doinurik eta gutxiago kanturik.

5. Koruei garrantzi handia eman diozue, eta honek indar handia ematen die abestiei. Horrela ikusten al duzue?



Bai, arrazoi duzue eta pozten gara hori pentsatzeaz. Orduak eta orduak pasa baititugu koruak lantzen. Baino esango genuke, koruak baino gehiago bigarren ahotsak direla. Ez baitira koro hutsak; Markexa da lehen abeslaria eta beste talde osoa bigarrena, koro hutsak izan gabe. Honek ere badu bere alde txarra. Zuzenekoan mikroak fallatzen badute asko galtzen du musikak eta guk garrantzi handia ematen diogu zuzenekoari.

6 Kitarra aldetik Agirreren birtuositatea oso nabaria da disko osoan zehar. Zer aportatu dio Agirrek taldeari?



Agirrek taldeari aportatu diona freskotasuna, gogoa eta ideia berriak izan dira. Baino Agirre bakarrik izan balitz taldean gitarra, oso hutsa izango litzateke musika, Arkak base handia ematen baitio. Agirrek taldeari eman dion beste gauza bat, musika egiterakoan, honek lehen zeukana baino konplexutasun handiagoa edukitzea da.
Agirre: ez dago birtuterik. Nik egiten dudana edozeinek egin dezake gogo pixkat eta marihuana askorekin

7 Agirre musiko galanta da ezta? Trikitixan Euskal Herriko txapelduna dela ere entzun dugu, eta Apuntan baxua jotzen zuen.



Bai halaxe da. Badago jende bat mundu honetan, jaiotzez musikoa dena. Eta Agirre horietako bat da. Panderoa jotzen habilidade handia du, zuek esan bezala Euskal Herriko txapelduna da. Apuntan ere berak jartzen zion bihotza taldeari, bere baxuaren doinuarekin.

8 Garai bateko topikoak alde batera utzi eta beste motatako gaiekin ausartu zarete. Juerga eta deskontrola alde batera utzi al dituzue?



Egia esan, irteten joan diren kantuak izan dira, kritika sozial edo horrelako zerbait egitea pentsatzen jarri gabe.
Egun batean ,taldekide batek gaur egun puri purian dauden gai horietako bati buruzko kantu bat idazten bazuen eta taldekideei gustatu, ba aurrea , eta hola kantu danekin. Ez da bilatzen joan garen zerbait. Baina horrela atera da eta gustura gaude. Egia esan, beste taldeak entzuterakoan betiko temetatik ateratzen direnean eskertzen da. Pixkat aldatzea ondo dago, ezta? Gainera, musika da gure arma; erabili dezagun.

9 Letrei dagokienari jarraiki, Atsekabe abestian tratu txarrak diren bezalako gai serio bat jorratu duzue. Nola sortu zen abesti hau egiteko ideia?



Kantua idazten hasi ginen gai hau buruan genuela. Egunero, berrietan eta kalean entzuten den zerbait izateaz gain, nazka eta amorrua sortzen digulako. Lehen esan dugun bezela, musika da gure arma eta erabiltzea erabaki genuen. Badakigu kantu hau aterata ez dela arazoa konpontzen baino gaur gauean zer ondo pasa dudan kantatzea baino gai nobleago iruditzen zaigu. Eta bide batez, kantu hau arazo hau sufritzen ari diren emakume guztiei eskeni nahiko genuke. ZUENTZAT.

10 Abesti batzuk nahiko motzak dira, ez dira hiru minutura iristen, eta disko bera ere nahiko motza gertatzen da, ez al duzue uste?



Abestiak luzatzea gauza erraza da, estribilloa 5 aldiz kantatu eta listo. Guk ez genuen hori nahi. Zerbait desberdina egitea nahai genuen. Konturatzen bazarete gure kantu askok ez dute estribillorik eta kantu onak egitea estribilo gabe zaila da. Edo esan beharko genuke estribilo gabeko kantuak jendeari gustatzea zaila dela, baina uste dugu lortu dugula. Jendeak nahi duena estribiloa duten kantuak izaten dira, hau da, errez sartzen diren kantuak.

11 Skizo abestian Korrosion Zerebralen basakeria nabari da, nola gogoratzen dituzue garai horiek? Zuetariko batzuk bertan ibiliak zarete ezta?



Taldea hasi zenean Korrosioneko bi kide genituen gurekin, gaur egun bakarra. Garai horiek oso onak izan ziren, ondo gogoratzen ditugu, askotan ekartzen ditugu gogora lagun artean.
Skizo Korrosion Zerebraleko kantuetatik, grabatu gabe gelditu zirenetako kantu bat da. Garai haiek gogoratuz diskoan sartu dugu eta gainera emaitzarekin gustora gelditu gara. Zuek esan duzuen bezela, kantu basati eta gorrotoz betea.

12 Zuen zuzenekoak nahiko basatiak izaten dira. Garagardoak bere eragina al du?



Noski duela eragina. Halare, garagardoak eragina eduki edo ez, beti dira basatiak. Baina denborarekin konturatu gara zerbezarekin ez bagera pasatzen, basatiagoak direla. Onena, kontzertua ikustera doan jendea mozkortuta egotea da, horrela giroa ere basatiagoa izaten baita. Garagardoa alde batera utzita, ziurtarazten dizuegu, gure kontzertuetan beti ahal degun guztia ematen saiatuko garela.

13 Euskal Herriko Oxymoron berriak zaretela ere esan izan da. Hortik al doaz zuen influentziak? Zer nolako musika entzuten duzue eta entzun izan duzue?



Euskal Herriko Oxymoron? ezta gutxiagorik ere. Influentzia? ba egia esan oxymoron asko gustatzen zaigu. Baino guk influentzia baino gehiago ateratzen zaiguna egiten dugu.
Hasieran Cicatriz, Rip, Zakarrak, Hertzainak, GBH, Eskorbuto, Tijuana, Kanka, Kañeria 13… lista honek ez du amaierarik.
Orain Oxymoron, Cock Sparrer, The Crak, Blitz, Evil Conduct, Never surrender, Enboskada... baina lista honek ere ez du amaierarik. Eta lehen entzuten genuen musika oraindik ere entzuten dugu.

14 Eta Euskal Herri mailan zein talde gomendatuko zenuteke?



Jhony Gerriwelt, Karkabaren zuzenekoa, Afonia, Never Surrender

15 Zeintzuk dira Fridays Crew-k, hemendik aurrera emango dituen pausoak?



Kontzertuak jo, jo, jo eta jo. Ahal bada estatu Espainiarrera eta Europan zehar ateratzea nahiko genuke. Kantu berriak atera orduko, disko berri bat ateratzea. Batez ere, musikaz disfrutatzea.

16 Mila esker elkarrizketa erantzuteagatik eta zorte on. Orain duzue aukera komentarioak, agurrak, mehatxuak, irainak etab. gehitzeko.



Eskerrikasko zuei aukera hau emateagatik.
Besarkada bero bat euskal preso, iheslari eta errefuxiatuei eta bere familia eta lagun guztiei. Presoak etxera.
Agur bat gure kontzertuetara etortzen diren jende guztiari

1 comentario:

  1. Oso elkarrizketa ona, bai jauna. Unai eta Eneritz-i: zorionak eta eskerrak ematen dizkizuet egin duzuenagatik.
    The Friday´s Crew-ri: zuei ere eskerrak eman nahi dizkiet momentu on hau eskeintzeagatik.

    RIOT CHICKEN-i eskuminak eta agurrak. Ondo segi!


    ARRUTI.

    ResponderEliminar